La siguiente entrevista a Bernardo Atxaga supone curiosamente el primer post en euskera escrito en este blog. No se preocupen quienes ignoren la lengua del Viejo Reino, pues en algunas semanas habrá traducción al castellano. ¡Viva la realidad bilingüe de la Comunidad Autónoma Vasca!
;-)
"Etorkizuneko liburuetan ez daukat Euskal Herrira itzultzeko batere asmorik"
XX. mendearen hasierako Kongo belgikarrean kokatu du Atxagak azken eleberria. Yangambi oihaneko postu militarrean bizi dira Chrysostome, Lalande Biran eta beste zenbait pertsonaia, Leopoldo II.a erregearentzat lan egiten dutenak. Bistan da idazleak 180 graduko bira eman duela
DONOSTIA. Bernardo Atxaga (Asteasu, 1951) bere bakardadean egon zen Nevadan bizi izan zen urtebetean eta, egonaldi horri esker, bere ibilbideko urrats berri eta garrantzitsua eman du. Emaitza Zazpi etxe Frantzian eleberria da, Pamiela argitaletxeak kaleratua. Apirilean, gainera, gaztelaniazko itzulpena plazaratuko du Alfaguarak, galegoz eta katalanez argitaratzearekin batera.
Noiz erabaki zenuen Obabatik aldentzea?
Egia esan, Obabakoak idatzi nuen garaian bezala gertatu zait. Camilo Lizardi argitaratu arte ez nuen Obabako metafora, geografia edo giro orokor hori sortu. Halako batean, karpeta batean neuzkan testuak Obabarekin hasi ziren erlazionatzen. Eta Zazpi etxe Frantzian modu berean etorritako beste hasiera bat da. Umorearekin lotutako hainbat testu nituen, Lezio berri bat Ostrukari buruz , zenbait poema, aldizkarietan kaleratutako idazkiak… Eta Nevadara joan nintzenerako oso garbi ikusi nuen Obabarena mundu itxia zela niretzako.
Berehala jakin zenuen?
Nork sentitu egiten du hori. Cernudak esaten zuenez, "zein gutxi dakien maitaleak maitasunaz maitasuna joan denean". Halaxe da. Bat-batean konturatu nintzen mundu horretan ez nengoela, hori bukatu dela, jada esanahi poetikorik ez duela. Barneko irudipena da, baina oso sendoa. Eta zaila da barruak agintzen ez duenean hor jarraitzea.
Eta Kongo belgikarrera joan zinen. Zergatik?
Ni Obaba berri baten bila nenbilen, Obabaren ordezko baten bila. Halako geografia bat, leku isolatu bat aurkitu nahi nuen eta jakin banekien leku horretan gertatuko zenak militarrekin zerikusia izango zuela. Gero egunkariak eta aldizkariak hartu eta esaldi ustelak azpimarratzen hasi nintzen. Banekien leku berri horretan ez zutela hitz egingo Bibliaren antzeko lengoaiarekin, nekazarien lengoaia eta hizkera usteldu horrekin baizik. Pentsatzen hasi nintzen Amazonian kokatuko ote nuen eta halako batean gogoratu nuen Mark Twainek idatzi zuela Leopoldo II.a Belgikako erregea kriminal izugarria zela. Kongon egindako sarraskiaren aurkako testu haiek berreskuratu nituen eta hortik abiatu nintzen. Kongoa neukan, erregea, Afrikako leku isolatua… Handik atera zen nobela.
'Heart of Darkness' Joseph Conraden liburua ez duzu aintzat hartu?
Leopoldo eta Kongoko sarraskia modu askotan zabaldu zen mundura. Mark Twainek eta Arthur Conan Doylek, esate baterako, denuntziatu egin zuten, baina munduan barrena gelditu dena Conraden nobelatxoa da. Ni oso urrun sentitzen naiz estetika eta ikuspuntu horretatik, horrorea modu historikoan tratatzea ez zaidalako gustatzen. Ni erosoago sentitzen naiz beste literatura batean, ez hain historikoa, utopikoaren aurkakoa baizik… Jonathan Swiften Gulliver's Travels edo Saki eta Ambrose Bierce egileen umorearengandik gertuago sentitzen naiz.
Baina Conraden nobelan Kurtz pertsonaiak aipatzen zuen "horrorea" nabaria da zurean ere…
Kongon gertatutako masakrea txostenetan eta argazkietan agertu zen, horrorezko mundu bat izan zen. Deigarria egiten zaidana hauxe da, guk europarrok garai horri belle epoque deitzen geniola eta gaur egun Bruselan garai horiek gogoratzen dituzten hiribideak eta monumentuak daudela, handik ateratako aberastasun guztiekin… Twainen eta Conan Doyleren salaketak, berriz, erabat ahaztuta daude. Gaur egun, alabaina, ez zeukan zentzurik Twainen denuntziaren erreplika bat egiteak, eta parodiaren alde egin nuen, umorea edo komikotasuna egoera desesperagarri eta krudelei buruz hitz egiteko modurik egiatiena baita.
Umorea asko aipatu duzu, baina nobelan gertatzen dena benetan krudela da.
Bai. Kasu honetan distortsio bezala erabili dut umorea, gauzak hobeto ikusi ahal izateko. Komikotasunaren elementu asko erabili ditut, parodia eta txiste errazak, kasu. Eta batzuetan ez da barre egiteko umorea, nolabaiteko distantzia hartzeko baizik. Litekeena da termino zehatzena "komikotasun beltza" izatea.
Lalande Biran Yangambiko kapitainak neskatila bat bortxatzen du ostegunero eta talentu handiko poeta da.
Mundua bitasunez beteta dago eta gehienak ez dira egiazkoak. Bitasun horietako bat militarraren eta poetaren artekoa da, eta Espainian horren adierazle izan ziren Unamuno eta Millan-Astray. Gogoangarria da biek Salamancako Unibertsitatean 1936. urtean izan zuten enfrentamendua. Nire ustez, Millan-Astray ez zen militar trakets, baldar eta ergela, oso ondo idazten zuen familia kultu bateko intelektuala baizik. Eta areago esango dut: poeta bat zen. Unamunoren aurrean "¡Viva la muerte!" bota zuen oihu hori bere osotasunean irakurriz gero, benetan esaldi kontzeptista da, esaldi barrokoa, asko irakurri duen norbaitena. Gizon hura japoniarren samurai kodea espainolera itzuli zuen pertsonaia fina zen, eta legioa sortu zuen samurai kodearen arabera. Pentsatzen aritu naiz krimena eta poesia oso hurbil ibili direla aspaldi honetan. Eta Millan-Astrayren kontu hori gogoan izan nuen oso Lalande Biran pertsonaia sortzeko garaian.
Zaila izan zen bere larruan sartzea?
Bai, arriskurik handiena nire sadismoa pertsonaian proiektatzea zen. Biran, gainera, egiazko militar batean oinarrituta dago. Lagun batek kontatu zion nire aitari Marokoko Sifi Ifnin zegoenean ofizial baten laguntzailea zela eta astero eraman behar ziola neska birjin bat. Bortxatu ondoren, militar hark amodiozko gutuna idazten zion emazteari. Oso krudela bada ere, ezin nuen Biran poeta kaskar gisa deskribatu. Horregatik bere poema ahalik eta ondoen idazten saiatu naiz. Hori zor nion pertsonaiari.
Bestetik, Euskal Herriari buruzko aipamen bakarra dago, istorioan garrantzi handirik ez duen Biarritzeko argazki batekoa.
Ziur asko, nobela honetan eta etorkizunean etorriko direnetan gaia ez da Euskal Herria izango. Euskal Herria bizitokia izango da niretzat eta nire ardurak izango ditut hemen, baina literaturan ez daukat Euskal Herrira itzultzeko batere asmorik.
Agortu al da mundu hori?
Ez naiz oso erlijiosoa, baina gero eta budistagoa naizela uste dut. Budistek esaten dutenez, hitz egin behar da baina halako batean isiltzea garrantzitsua ere bada. Esan behar nuen guztia esana daukat. Nire barruak ez du gehiago ematen. Gogoratzen dut Obabakoak idatzi nuenean oso indartsu atera nintzela, baina pixkanaka-pixkanaka energia hori ahultzen joan da eta azkeneko energiarekin Soinujolearen semea idatzi nuen. Eta bukatu da. Orain dela hamar urte nahiago nukeen pausoa eman, baina aldaketa horiek denbora behar dute.
Uste al duzu ohiko irakurleei arraroa egingo zaiela Euskal Herriaren inguruko erreferentziarik ez topatzea?
Horrek harritu nau… Irakurri duen batzuek esan didate espero zutela bat-batean Euskal Herriko misiolariren bat iritsiko zela Kongora… Ez zait burutik pasa baina egia da irakurle askok Obaba agertzea espero dutela… Harritu? Harrituko dira. Jendeak ezustekoa hartuko du, ona litzateke hori. Irakurlea joango da testuan barrena. Liburuaren indarra, hain zuzen, hauxe da, bat-batean zalantzak sortzen dituela.
Mugatu beharko bazenu, zein izango litzateke nobelaren gai nagusia?
(Pentsakor) "Erne, irakurtzen ari zaren bitartean gauza asko gertatzen ari dira". Hori da esan nahi dudana. Tranpa bat izango litzateke zerbaiten alegoria dela esatea. Beste lema bat izan daiteke: "Liburu honen orrialde bakoitzak bi intentzio dauzka".
Ziur asko, Atxagak etorkizunean idatziko dituen liburuetako gaia ez da Euskal Herria izango. Nola sortu zen Obabari errelebua eman dion mundua?
Obabaren ordezko
KONTENT ikusten da Atxaga sortu duen mundu berriarekin. Aspaldian iragarria zuen bestelako esperientzietan oinarritzeko asmoa zuela eta Afrikako Yangambi izeneko postu militar batek eman dion inspirazioa. Zer esan nahi du horrek? Etorkizuneko liburuetan Euskal Herrira berriz itzuliko ez dela? Hurrengo eleberriak Kongo belgikarrean kokatuko dituela? "Ez. Litekeena da Yangambitik Brusela edo Parisera joatea, baina atzean beti egongo litzateke Yangambiko itzala", azaldu du Obaba berri baten bila zebilen egileak.
Izan ere, Zazpi etxe Frantzian idazteko ideia beste istorio batek eman zion, Charlotte eta tximuak izenekoak. Bruselako zoologiko batean gertatzen da, aro garaikidean. Kaiola batean barruko tximinoa Zairekoa dela jartzen du eta bisitan dagoen Charlotte izeneko emakumeak ikusi eta haserretu egiten da, Kongo belgikarra jartzen ez duelako. "120 orrialde eginak nituen, baina une batera iritsita, kontaera hura utzi eta hasi nintzen Kongon egondako Chrysostome bere aitonarena idazten. Horrela sortu zen Zazpi etxe Frantzian ", adierazi du Atxagak.
Nevadan leihorik gabeko gelatxo batean aritu zen lanean, Asun Garikano bere emaztea -"itzultzaile hurbila", deitzen dio berak- alboan zuela. Horrek aldaketa lortzeko behar zuen adorea eman zion. "Pixka bat galduta nengoen Euskal Herrian, hainbeste gauza eta eskaerekin. Txiste bat egin ohi dut: aberriak zuri deitzea ondo dago, baina ez orduro", esan du txantxetan.
"barruak agintzen du"
Aldartea
Charlotte eta tximuak kontaerari helduko dio etorkizunean, baina, hark esaten duenez, "barruak agintzen du". "Aldartea, umorea, oso lotuta daude sorkuntzarekin. Idatzi eta sortzeko motorrik onena aldarte egokia aurkitzea da, horrek energia ematen dizulako orduak eta orduak testu batekin egoteko". Kalean da jada Chrysostome Kongoko soldadu gaztearen abentura. Charlotte bilobarenak itxaron egin beharko du.
3 comentarios:
Oso interesgarria, argazkiak ere oso onak.zorionak
Good fill someone in on and this enter helped me alot in my college assignement. Thanks you seeking your information.
top [url=http://www.001casino.com/]online casino[/url] check the latest [url=http://www.realcazinoz.com/]casino games[/url] autonomous no deposit reward at the leading [url=http://www.baywatchcasino.com/]no lay down gratuity
[/url].
Publicar un comentario